Adinekoen egoitzak

Erabiltzailearen aurpegia Gurutze Izagirre 2020ko api. 22a, 12:23

Martxo erdialdetik aurrera, konfinamendua iritsi eta hildako kopurua beldurgarriki igotzen hasi zenetik... zahar etxeak nola begiratzen genituen? Ikusi ere ikusten ote genituen? Covid-19a etorri zaigunetik, ordea, zaila zaigu errealitate horri ez begiratzea. Baina nola ikusten ditugu?

Jonathan Caro EHUko erizaintza fakultateko irakasleak eta geriatrian adituak artikulu interesgarri bat idatzi du horren harira. Berak dio adinekoen egoitzak zerbait arrotz gisan ikusten genituela hau guztia baino lehen, ez bazen han norbait geneukalako edo bertan lana egiten genuelako. Bertako beharginen lana deskribatzen du, eta prekarietateak prekarietate, egiten duten lanarekin mirari txiki bat egin dutela ondoriozta daiteke jende gehiago kutsatu ez delako adinekoen egoitzetan, kontaktua saihetsezina delako egiten duten lanean (garbiketak, zaintza, elikadura…). Nabaritzen zaio tonuan kezka moduko bat, komunikabideek adinekoen egoitzetan fokua eta susmo txarra jarri dutelakoan, eta osasun langileak eroitzat jo direlakoan, bere ustetan.

Perspektiba hauek aldatzeko proposatzen du adinekoen egoitzak gizartera gerturatzea, balioan jartzea eta ezagutzea, horrek bertan lana egiten duten profesionalengan konfiantza areagotzen lagunduko lukeelakoan. Adinekoen egoitzei buruzko eztabaida irekitzea proposatzen du, eta batez ere, zaintza behar duten pertsonen egoitzen inguruan dauden albiste sentsazionalistei ihes egitea.

Espero du hau guztia pasa ostean adinekoen zentroekiko begirada aldatzea. Begiratzea eta ikustea ez baita gauza bera. Ea ikusten dugun, beraz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!