Anbulategietako urgentzietara iristen direnetako asko itxialdiak eragindako antsietateak eta estresak jota iristen direla irakurri berri dut. Beso edo hanka hautsiez errazago hitz egiten dugu, ordea, buruko nahasmenduez baino. Tabua da oraindik ere.
Horri buruz doa, hain zuzen, Zauria(k) dokumentala. Eromena eta buruko gaixotasun diagnostikatuak dituzten bederatzi emakumeren lekukotzak jasotzen ditu, perspektiba feminista batetik. Gauza asko eta oso interesgarriak ausardiaz kontatzen ditu.
Besteak beste, emakume batek dio hein handi batean gizarte honek sortutako gaitzak pairatzen dituztela, eta egitura ofizial psikiatriko-psikologikoaren irtenbidea pilulak izan ohi direla. Hau da pagotsa industria farmazeutikoarentzat. "Depresioa daukazu? Ondo da, hartu pilula eta segi otzan, gizarteak funtzionatzen segi dezan. Antsietatea daukazu? Beste horrenbeste". Ez da begiratzen pertsona horiek zergatik iristen diren egoera horietara, ordea. Eta gehien-gehienetan gizarte honen egiturazko arazoek bultzatuta izaten da: langabezia, prekarietatea, bakardadea, zaintza, bizi erritmo estua, indarkeria, gehiegizko exijentziak...
Egunotan larrialdietara lasaigarri bila doazenetako batzuk ere ziurrenik izango dituzte egiturazko arazoek eragindako kezkak. Pilulak ez diren bestelako konponbideak behar ditugulakoan nago.