Ez dakit zuek, baina ni egunotan errazago hunkitzen ari naiz. Malkoerrezekoa naiz, aitortzen dut. Aurrekoan erizain baten audio batek atera zidan malkoa. Iritsiko zitzaizuen agian zuei ere. Bere egunerokoaren kontakizun bat egiten zuen. Besteak beste, esaten zuen batzutan lehor xamar ager daitekeela gaixo baten aurrean, baina izan litekeela aurreko gelan beste gaixo bat hil zaiolako. Eta berak lanean segitu behar du hemengo botika, hango pertsiana igotzen edo jaisten, eta besteko ohea gaixoari eroso jartzen. Esaten zuen etxera lehertuta eta hutsaren hurrengoa sentituz iristen zela maiz, baina egunero balkoi eta leihoietan 20:00etan jotzen diren txalo zaparradek bere lanaren balio gogorarazten ziotela, eta oso lagungarri zitzaizkiola esaten zuen. Malkoak ihes egin zidan audioaren amaieran eta alboan nituen seme-alabek zur eta lur begiratzen ninduten.
Eskerrak Miren Agur Meabek 'Malkoak' liburuan azaltzen digun negarra ez dela ezer txarra, naturala dela. Malko motei buruz dihardu, luma ezin finagoarekin. Irria publikoan eta negarra pribatuan egitea sustatzen duen gizartean halako liburu gehiagoren premian gaudelakoan nago.