Inauteriek gure alde basatiarekin rekonektatzeko balio dezakete, kaosera eta desgobernura egiten dute dei, egunerokoan lotzen gaituzten ordutegi, arau, jarduera, esan eta egin beharrekoei ihes egiteko baimena ematen digute. Urtean epe jakin batean bada ere, baimena ematen zaio gorputzari eta buruari nahi erara aritzeko, aske, ausartzen denarentzat bederen.
Funtzio hori bete izan dute zenbait tokitan inauteriek. Pertsonok behar dugun desinibiziorako baimen egunak eman, gero berriro ere ordenera, zibilizaziora itzuli aurretik. Sistemaren barruan kokatutako baimen bat da, salbokonduktu moduko bat, zigorrik jasotzeko beldurrik gabe, libre izateko baimena ematen duena.
Nafarroan iparraldetik hego alderaino, urtarrilaren amaieran hasi eta ia martxora arte herri batean ez bada bestean topatuko dira desinibiziorako jai hauek. Zabaldua dago transgresiorako baimena.
Ikusi dut, baina, Iruñeko Udalak baimena ukatu diela haur eta lehen hezkuntzako haurrek egin ohi dituzten inauterietako hainbat kalejirei. Batzuei utzi diete, besteei ez, eta kasualitatea ote? Baimena eskatu duten D ereduko 6 ikastetxetatik biri eman diete inauterietako kalejira egiteko baimena. Guztira 17 ikastetxeri baietza, hiruei ezetza eta 19ren eskaerak aztertzen ari dira. Trafikoa aitzakia jarrita ukatu diete kalejira egiteko baimena.
Esandakoa, inauterietan transgresioa, desobedientzia, arauekin haustea eta libre izatea baimendua dago.