Igandean egunkari zaharrenaren portadan irakurri genuen azpijoko zahar baten eredurik perfektuena: Nik UPNko presidentea izan nahi dut, eta hori lortzeko arerio nagusiari eskaintzen diot nire ondokoa izatea. Famili bereko lehiakide politikoak neutralizatzeko modurik zaharrena da, inondik inora.
Kasualidadez edo, justu egunkaria inprentan sartu baino minutu batzuk lehenago, Ibarrolak eskaintza hori Tuterako alkateari egin zion, desorduetako telefono dei baten bitartez. Imajinatu ahal dugu Tuterako alkatearen aurpegia hurrengo egunean albistea ikustean. Ezin zuen esan ezer ez zekiela. Ez atzera ez aurrera, lehia politiko zikin horretan, azken finean.
Oso ongi pasatuko dugulakoan nago. UPNko kongresuak oso animatuak direlako, eta oso irekiak. Aurreiritzi guztiak albo batera utzita, alderdi horren kongresuak kontrolaezinak dira. Afiliatu bat, bozka bat.
Baluarten, ilada batean, afiliazioaren kuota ordaintzeko kutxa dago, eta ondoko iladan (zorrak ordaindu ostean), bozka emateko hautesontzia. Garai batean, bertan zegoen Barcina, botoak eske, banan banan.
Aurten zer ikusiko dugu?