Clemente Bernad beti hurbil dago. Aste honetan, Katakraken aurkeztu zuen bere azken liburua, Hemendik Hurbil izenburukoa, eta lagun batek aurkeztu zuen "argazkilari arriskutsua"-ren etiketa jarriz.
Ba ez, Clemente ez da arriskutsua; arriskuak hartzen baditu, Clemente bera arriskuan jartzeko izango da, ez beste inor. Baina Clemente ez dabil arriskuaren bila, arriskua Clementeren atzetik dabilela baizik. Argazkilaritza benetan independentea egitea oso arriskutsua da, eta zure etxetik hurbil gertatzen dena benetan kontatu nahi baduzu, are arriskutsuago.
Apartheid laborala zein botere mediatiko eta politikoaren jazarpena sufritu egin du: besteak beste, Andaluziatik datozen jornaleroen esplotazioaren, Los Caídos-eko faxisten ekitaldien eta euskal gatazkaren argazkiak egiteagatik. Batez ere, benetako kazetaritza egiteagatik, bakarrik ia ia beti, ez berak horrela nahi izan duelako, baizik eta inor ez delako ausartu bera bezain independentea izateko.
Iruñean jaio eta bizi izan den arren, aste honetan, Katakraken, Iruñean inoiz jaso ez duen beroa jaso zuen Clementek, bere lagunen artean, 'Hemendik hurbil' aurkezpenean. Gugandik hurbil, batez ere, baina munduko zapalduengandik are hurbilago.