Aste honetan, Nafarroako Gobernuak esaldi irudimentsu bat aurkitu du desberdintasun ekonomikoek osasun pertsonalean dituzten ondorioak azaltzeko: "Garrantzi handiago dauka kode postalak kode genetikoak baino". Tira, ez dago gaizki, baina kode postalak ez du zer ikusirik, baizik eta norberaren dirusarrerak: Etxabakoitzen 8.000 euro urtero, eta Bigarren Zabalgunean, 27.000 euro. Eta horrek erakusten du nolakoa den gure hiria, non dagoen boterea eta non pobrezia. Dena den, datu horiek ez dira berriak; ez gaituzte asaldatzen.
Aldiz, inkesta horretan arakatzen badugu, beste datu interesgarriak aurkituko ditugu, hauek bai berriak eta batzuentzat harrigarriak. Etorkinek (hobeto esanda, atzerritarrek; barkatu, Espainiatik kanpo jaiotakoek), bueno, kolektibo horrek autoktonoek baino askoz gutxiago erabiltzen ditu Osasunbideko Lehen Arreta eta Ospitalizaziorako zerbitzuak.
Gutxien erabiltzen dutenak, adibidez, Asia eta Afrikatik etorrikoak dira. Inkestak ere dio Osasun Larrialdetara gehiago jotzen dutela, eta horren arrazoia ere ematen du: medikuarengana joateko edo bajak hartzeko zailtasun gehien dituztenak langile prekarioak dira, eta hauexek etorkin atzerritarrak dira, hain justu kode postal horietan bizi direnak.
Beraz, lanak ematen digu norberaren kode postala, eta osasuna zaintzeko aukera gehio edo gutxiago: horrekin batera, bizi-itxaropena.
Eta ez alderantziz.