Euskara Kongresuan... Beraz?

Erabiltzailearen aurpegia Ivan Gimenez 2023ko ira. 21a, 12:36

Nonbait irakurri dut Estatu espainiarraren biztanleen heren bat eleanitzak diren lurraldeetan bizi direla: Euskal Herrian, Katalunian, Galizian, Valentzian, Asturiasen eta abar. Hau da, 15 milioi lagunek bere (gure) eguneroko bizitzan gutxienez bi hizkuntza entzuten edo erabiltzen dituzte (ditugu). Bakarrik horregatik, Madrileko Kongresuan orain arte gaztelania hutsean hitz egiteko betebeharra ulertezina da. Hori, ikuspegi espainiar batetik abiatuta. Estaturik gabeko nazio horien ikuspegitik abiatzen bagara, beste gogoeta asko egin daitezke, baina beste baterako utziko ditugu.

Beraz, UPNko aurkako botoa ulertzea zaila egiten zait. Nafarroako Parlamentuan eta Iruñeko Udalean aspalditik euskaraz aritzen da normaltasun osoz, UPNko kideak barne. UPNk defendatzen du Nafarroa Espainiaren parte dela, beraz, euren logika jarraituz, euskara da Espainiako hizkuntza bat, beraz... Edo UPNrentzat ere euskara ez da Espainiako hizkuntza bat, eta orduan ezin da Kongresuan euskaraz hitz egin?

Bistan da UPNkideen buruan sartzea ezinezkoa egiten zaidala, haiek daukaten nahasmena nire buruan ere sortzen ari baitzait. Pentsatuta neukan Borja Semper-en euskarazko interbentzioari buruz zerbait esatea, baina burua lehertuko zait.

Ez zait komeni, beraz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!