Nafarroan, martxoa eta Xabierraldiak lotuta daude aspalditik, oso modu naturalean, Sanferminak eta uztaila, edo urria eta hego haize bezala... Aspalditik bai, baina noiztik?Eta modu naturalean? Orain badakigu Xabierraldiak Gerra Zibilaren ondoren hasi zirela, Francoren garaipenagatik Nafarroako patroiari eskerrak emateko, errekete batzuk asmatuta, Del Burgo, Baleztena, Zubiaur eta beste abizen ospetsuen artean.
Hala ere, gerra bukatuta eta 15 urte ondoren, Diario de Navarrak orduko Xabierraldiei buruz informatzen zuen esanez "gaur, Iruña eta Zangotzaren artean, badago jende nahikoa beste gerra bat egiteko". Olaetxea artzapezpikuak erromesak hitz hauekin animatzen zituen: "Xabierrera oinez zoazte, gerraren jardunaldi luzeak gogoratuz".
Dena den, Xabierraldien arrakasta itzela zen, eta oraindik 1966an, Ollarrak idatzi zuen: "Gaurko Xabierraldietan, uztailaren 19ko gurutze eta banderak aurrera doaz, oinez, baina euren esanahia askoz zabalagoa da".
Hor dago koxka: 2023. urtean zein den Xabierraldien esanahia?
Zabalegia da, akaso, gerra kriminal bat ospatzeko asmatu zuten ibilaldiak oraindik orain hainbeste nafarren atxikimendua jasotzea... Behintzat, beste gerra bat egiteko bolondresak ez direla izango, pentsatu nahi dut.