Errealitate paraleloa

Erabiltzailearen aurpegia Ivan Gimenez 2023ko urt. 26a, 12:06

"Egoera kaotikoa euskal errepideetan". Iruñetik Bilborako bidean, kotxez, goizeko 7.30etan hori entzuten baduzu, neguan gidatzeak sortzen duen ohiko ezinegona alarma gorria bihurtzen da, halabeharrez, eta bidaiaren erdian buelta emateko erabakia hartzear zaude, beti ere zure bizitza benetan estimatzen baduzu. Euskal irrati publikoan hori entzunda, pentsatzen duzu albiste horrek fundamentua baduela, nahiz eta egin dituzun 120 kilometrotan ezer arrarorik ez ikusi; bai, euria egiten du, baina urtarrilean ez badu euririk egiten...

Ordutik 30 minutura, mezu bera: "Egoera kaotikoa euskal errepideetan". Beste 50 kilometro eginda, errealitate paralelo batean murgildu zarela pentsatzen hasi zara, edo beste dimentsio batean sartu zara, oharkabean. Euria egiten du, bai. Baina besterik ez. Euskal irrati publikoan, apokalipsiaren ataria iragartzen ari dira, eta zu ez zara konturatu. Bapatean, albiste horren iturria entzuten duzu: erreka bat bere ubidetik atera da eta tokiko errepide bat moztu omen du Bizkaiko txoko batean.

Dirudienez, errealitate paralelo batean bizi dena ez zara zu... Eta ez dakit hau jakiteak ezinegona asetzen edo benetako alarma gorria pizten dizun...

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!