Jokin Muñoz

Erabiltzailearen aurpegia Ivan Gimenez 2022ko api. 1a, 12:53

Ez dut Jokin Muñoz ezagutzen. Bakarrik bere liburuak irakurri ditut, eta ez dakit hori nahikoa den esateko Jokin Muñoz ezagutzen dudala. Behin, Etxauriko frontoian ikusi nuen, baina ez nintzen ausartu berarengana hurbiltzera nire burua aurkezteko: “Kaixo, zure liburuak asko gustatzen zaizkit”, esan behar ote nion?

Berdin dio. Orain jakin dut eleberri bat argitaratu duela 14 urte idatzi gabe egon ondoren. “Lau semealabak ditut -dio Muñozek-; horretara dedikatu naiz”. Ez bakarrik horretara, noski, instituto irakaslea ere bada. Baina azalpena hori da, azken finean.

Eta zergatik gustatzen zaizkit bere liburuak? Ez dakit nola erantzun, eta agian horregatik ez nintzen ausartu egun hartan, Etxaurin, berarengana hurbiltzera. Baina euskararen munduko periferiatik idazten du (Castejonen jaiotakoa, ez ahaztu), eta horrek mezu ez oso ortodoxoak luzatzeko gaitasuna ematen omen dio. Agian horregatik hautatu du eleberri hau gaztelaniaz idaztea. Ez dakit, baina berdin dio.

Dena den, berak nik baino askoz hobeto esplikatzen du zertarako idatzi:

“Idazten dugunok ukitu, hunkitu, jo, harritu eta, zergatik ez, haserretu behar du irakurlea. Orain eta hemen, ezin dut jarduera literarioa ulertu helburu hori gabe” .

Niri, zenbat eta deserosoagoa sentiarazten nauen, orduan eta gehiago gustatzen zait irakurtzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!