Udazken eguzkitsu honetan, lanera bizikletaz doan jendeak kutsu ipar-europarra ematen dio hiriari, klase-ertaineko irudia, zibilizatua, alternatiboa, ekololo… Mila eurotik gorako makinak oso politak dira, koloretsuak, fidagarriak, oso cool azken finean, eta gure kontzientzia lasaitzeko tresna bihurtu dira: klima aldaketaren aurkako militanteak egiten gaituzte.
Hala ere, bizikletaren jaiotze historikoak zer ikusi handiagoa dauka XIX.mendeko langileekin, lantegietara joateko erabiltzen zutelako. Nork ez du ‘Bizikleten lapurra’ filma ikusi?
Dena den, ikusten ez duguna (edo ikusi nahi ez duguna) bazterretan gertatzen da. Azken asteetan, Carcastillon eta San Adrianen, bi langile hil dira lanerako bidean, bizikletaz, biak gauez kotxeek harrapatuta. Beharra zeukaten desorduetan lanera joateko. Eta prekaritate horrek bizitza lapurtu zien.
Hamza Bouazzaoui, 19 urtekoa, eta Arturo Rojas, 62 urteko kolonbiarra. Bi izen, bi langile, bi hildako. Prekarioak, etorkinak, txirrindulariak.