Telebistako albistegietan, ikusten ditugun lehen irudiak: inbasio masibo bat, itsasotik datorrena, gure paradisuan sartzeko ahaleginean. Ehunaka gizon, nor baino nor, uretatik ateratzen. Beldurra sor dezakeen eszena, uste baino hurbilago dagoen kostaldean, Europako hegoaldeko mugan, baina baita Euskal Herriko hegoaldeko muga ere bada, zintzoki aitortu behar dugunez…
Hurrengo irudietan, Gurutze Gorriko bolondres batek afrikar bati ura ematen, edo Guardia Zibil batek ume bat besoetan zaintzen. Kontrastea oso agerikoa da: inbasioaren protagonista masa informe bat da, aurpegirik gabekoa, mehatxugarria. Aldiz, gure munduko aldean daudenak, gizaki zehatzak dira, aurpegia ikusten diegu, laguntza ematen dute, gure kontzientzia lasaitzeko militanteak dira (Estatuaren soldatapekoak edo bolondresak).
Kanpotik datozenek beldurra ematen digute, eta mugatik alde honetakoek, aldiz, babesten gaituzte. Gertatzen denak orden natural bati erantzuten dio, eta telebistak oso ongi erakusten digu. Nola ez dute ba, eskuin muturrekoek mugak ixteko eskaera egingo? Zentzuzko aldarrikapen bezala agertzen zaigu, baina ezinegon sakona sortzen digu, ezta? Guk, bestalde, zer proposatzen dugu?