Asiako edo Afrikako gerra giroetan kazetari bat hil duten bakoitzean, burura datorkit Gervasio Sanchez-en ondoko esaldia: “Zorte txarrarekin, egun batean bala hilgarri bat topa dezaket, bai; baina nire herrian, inork ez dit ezer egingo Afganistan-eko presidentea ustela dela idazten badut. Aldiz, hori bera esaten badut nire hiriko aurrezki kutxa edo nire egunkarian publizitatea sartzen duen enpresari buruz… Hurrengo egunean langabezian nago”.
Zoritxarrez, Gervasio Sanchez hil ez zuen bala horrek David Beriain eta Eduardo Fraile hil ditu, kazetariak zirelako baina batez ere lanean ari zirelako, langileak zirelako. Hala ere, gertuko kazetaritzan egunero aritzen diren langileek ez dute inoiz merezi duten aitortza jasotzen, agian gure inguruan daudelako, bere bizitza arriskuan jarri gabe, unibertsitatean klaseak eman gabe, baina egia kontatzeko etengabeko erronkari eusten, beti ere langabeziaren mehatxupean, zintzo portatzen ez badira.
Pentsatu dut egun aproposa dela gure hurbileko kazetariak lehen planora ekartzeko.
David eta Eduardo, goian bego.