Digitalizazioa, orain dela 200 urteko borroka

Erabiltzailearen aurpegia Ivan Gimenez 2021ko ots. 25a, 12:31

Ned Ludd behargin britainiarrak digitalizazioak langileoi ekarriko zigun arriskua susmatu zuen, noiz eta XVII mendean. Ehungintzarako makina berri batzuk apurtu zituen lanpostuak suntsitzen zituztelakoan, eta mugimendu bat sortu zen horren ondorioz: ludismoa (eta luditak ziren bere jarraitzaleak). Orain dela 240 urte ez zekiten digitalizazioa zer izango zen, baina teknologia mehatxu bezala ikusten zuten. Hurrengo hamarkadetan, langileen ikuspegia aldatzen joan zen: teknologia geldiezina bazen, nola bihurtu aliatua eta ez mehatxua?

Orduko lantegietan eta meategietan, gizon, emakume eta umeen lan jardunaldiak 16 bat ordukoak ziren, baina 1919n, Estatu espainiarrean 8 orduko jardunaldia legez finkatu zen, Bartzelonako ‘La Canadiense’ren greba ospetsuaren ondorioz.

Ehun urte hauetan, mekanizazioa, robotika, logistika, industria 4.0 eta digitalizazioa etorri dira, eta ez dira horretan geldituko. Ez dute digitalizazioa inposatzen denon bizitza hobetzeko, baizik eta betiko poltsikoak aberasteko, orain dela 200 edo 40 urte bezala.

Gauzak horrela, XIX. mendeko luditen jokaerak (makinak suntsitzea orduan, digitalizazioa gelditzeko ahaleginak orain) ez du gure arazoak konponduko. Agian, ez dugu ezer berririk asmatu behar, baizik eta langile mugimenduen irakaspen historikoak eguneratu: sortzen den aberastasuna (gero eta handiagoa, baina gero eta eskulan gutxiago erabiltzen) hobeto banatu behar da. Lan kopuru berdina ordu eta jende gutxiagorekin egiten bada, lanaldi motzagoen alde borrokatu behar da, ezinbestean. Horren erraz, horren zaila.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!