Kolaborazio publiko-pribatua

Erabiltzailearen aurpegia Ivan Gimenez 2021ko urt. 29a, 08:45

Leloa eginda dago, eta ez da oso originala: etekinak badaude enpresen poltsikoetara doaz, baina diru-galeren kasuetan, denon artean ordainduko dugu. Hala ere, beste esparruetan bezala, hemen ere pandemiak begiak irekitzeko lagundu digu. Badirudi, Astrazeneca laborategiak ez du Europar Batasunarekin adostu zuen txerto-kopururik ekarriko, beste norbaiti saldu zizkiolako prezio hobea lortuta. Hau da kapitalismoa, jaun-andreok. Bestela, enpresa horrek nola lortuko luke, urtero, 1.200 milioi euroko etekinik?

Hau da, bide batez, kolaborazio publiko-pribatuaren adibide on bat: txertoa ikertzen hasteko, Astrazenecak diru publikoa eskatu zuen, eta eman genion: 336 milioi euro, hain justu. Atzo, enpresak jakinarazi zuen ez ziola Europar Batasunari esplikazioak emango. Kitto.

Dena den, gure Nafarroako Gobernuari hainbeste gustatzen zaion kolaborazio publiko-pribatuaren adibide hurbilagoak ere badaude: Europari eskatzen dion dirulaguntzen artean (Next Generation, oh yeah), ia 300 milioi joango dira Nafarroako Ubidea eta Abiadura Handiko Trena eraikitzeko: hau da, enpresa handi jakin gutxi batzuen etekinak bermatzeko asmoarekin. Kolaborazio publiko-pribatua, pandemia garaian ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!