Arrakasta komertziala lortzen duten liburuek ezaugarri bat partekatzen dute: ongi sentiarazten gaituzte, eroso gaude irakurtzen ditugun bitartean, azkar goaz orrialdez orrialde, liburua noiz bukatuko den unea ahalik eta gehien atzeratuz… Gainera, behin irakurrita, komunidade handi baten partaideak bihurtzen gara, ez hainbeste ‘nik ere irakurri dudala’ esateko, baizik eta ‘denek irakurri dutenetik aparte ez geratzeko’. Hau da, artaldean onartuak gaude (eta badakizue kultur-artaldeak nolakoak diren).
Aldiz, benetan markatzen gaituzten liburuak ez dira irakurtzeko errazenak. Gai zentrala zein den kokatzea kostatzen zaigu, eta ‘zertan datza’ galdetzen digutenean ez dugu erantzun zuzenik aurkitzen. Baina deseroso sentiarazten gaituzte, gure erraietan zerbait iraultzen dute eta liburua bukatuta, badakigu ez garela berdinak izango. Gure betiko pentsamoldeen aurka idatziak daude, eta gure barrura begira, uste genuen baino askoz zekenagoak garela konturatzen gara. Horrelako zerbait gertatzen da Karmele Jaioren ‘Aitaren etxea’ liburuarekin.