Abestiak esaten zuen bezala, orain dela 20 urte 20 urte genituen. Tira, gure kasuan jada ez da egia. Egia bakarra da 20 urte ez ditugula, eta jada ez dugu inoiz izango. Hortik dator adin horretako gauzatxoak ulertzeko dugun ezintasuna. Gure talaiatik esan dezakegu etxetik atera gabe egon, tabernaz taberna ibili gabe edo ligatzearen debekuari eutsi behar dutela... Azkenean, ez da horrenbesterako... Agian ez, baina guretzat.
Behingoz, eta espero dut aurrekaririk ez izatea, Macronekin bat nator: “Ze zaila den 20 urte izatea 2020garren urtean”. 20 urteko urteek askoz gehiago irauten dute... Zenbat gauza gertatzen zitzaigun orduan, eta zenbat gertatzen zaigu gaur? Zertaz hitz egiten dugu koadrillakoekin biltzen garenean? Orduko pasadizoak, mozkorrak eta ligatzeko saiakera antzuak, batez ere...
Eta etorkizunaz hitz egiten badugu... Tira, agian gaur ez da horretarako egunik aproposena. Egunak izango ditugu, hori bai, eta itxaropen horri eutsi beharko diogu.
Zaindu, benetan.