Nafarroako Kontseilua izenekoa Foru Erkidegoko kontsulta organoa da. Organo honek araudi
bat onartu aurretik irizpena edo balorazioa egiten du ordenamendu juridikoaren araberakoa
den jakiteko.
Pasaden astean, lan-postu publikoen deialdietarako merezimenduen dekretu proiektuaren
balorazioa eegin zuen. Zehazki hizkuntzen balorazioari dagokionean, 2019an euskararen
dekretuaren kontra emandako interpretazioen ildo berdinetik jo du eta beraz, legeak
ezarritako eremu mistoan dago beste behin eztabaida (legeak ezarritako eremu ez
euskaldunean merezimendu izatearena Gobernuak berak kendu bai zuen proposamenetik).
Nafarroako Kontseiluaren ustez Osasunbideako lanpostu guztietan ez da nahitaezkoa ezta
merezimendua izan behar euskararen ezagutza. Ezin omen da orokortasunez baloratu eremu
mistoan, herritarrarekin duen harremana edo lanarekiko lotura aztertu behar omen da. Beraz,
lanpostuez eta berauen eginkizunez ari bagara, garrantzia gutxiago izan ote dezake Iruñean
kokatutako Osasunbideako edozein lanpostutan euskara ezagutzeak, alemana ezagutzeak
baino? Hala dirudi Nafarroako Kontseiluarentzat, Osasunbidean alemana, ingelesa eta
frantsesa orokortasunez merezimendu izan daitezkeela uste bai du etorkizuneko Europar
Batasuneko datuetan aritzeko garrantzitsua izan daitekeelako.
Bestalde, euskararen ezagutzari puntu gutxi batzuk esleitzeko, lanpostuak herritarrarekin duen
harremana ere baloratu behar bada, zergatik ez ote dute dagoeneko euskararen nahitaezko
ezagutza, zerbitzu zentraletako anestesia pediatrikoko lanpostuek adibidez? Edo ospitalizazio
psikiatrikokoek? Beste behin, legezkotasunaren interpretazio murriztaileak aitzakiatzat
hartuaz, Osasungintzako zenbat atal, sekzio eta zerbitzutan egungo eta etorkizuneko euskal
hiztunek ez dute ezta aitortza minimorik izango?
Euskararen estatusa eta aitortza Nafarroa osoan ezartzeko beharra urgentea da, kontziente
izanda hala ere, hizkuntza eskubideak bermatzeko neurrien judizializazioaren ezpata eta
horren erabilpena gainean izango ditugula.