Gure hizkuntzaren erabilgarritasuna eta ikusgarritasuna estaliaz, urtez urte sareetan, plataformetan zein teknologia berrietan ematen zaion tokia kezkagarria dela salatzen ari gara. Izan ere, horretara dedikatzen diren enpresek gutxiagotutako hizkuntzekiko duten jarrerak zein erakunde publikoetatik eremu hauek arautu eta gutxitutako hizkuntzekiko babes mekanismoak ez ezartzeak, euskara eremu digitalean erabiltzeko edo euskaraz informazioa jaso edo kontsumitzeko zailtasunak sortzen ditu.
Honen adibide dugu Google Ads plataformak duen jarrerak, plataforma honek ez du euskara onartzen iragarkiak burutzerakoan ez eta hartzaileen segmentazioa burutu ahal izateko. Google Ads plataformak iragarki kanpaina batean euskarazko hitz solteak detektatzen badit, kanpaina hori eteten du “euskara erabiltzeagatik”. Zehazki, eremu geografikoa Nafarroako Foru Erkidegoa edo EAE hautatuaz 3 hizkuntza soilik onartzen ditu: gaztelania, ingelesa eta katalana eta beraz, iragarkiak euskaraz ezartzeko aukerarik ez du ematen. Google-en politikaren arabera hiztun kopuru batetik behera dituzten hizkuntzekin iragarkiak egitea ez zaie errentagarria. Beraz, hemen bi erronka ditugu, batetik, Euskal Herriko enpresa eta kontsumitzaileek euskaraz kontsumitzeari begira egin genezakeen indarra, baina bestetik, nazioarteko makro-enpresa hauen jarduna arautzeko erakunde publikoetatik neurriak hartu beharra.