Gabon egunak pasa ditugu eta horrekin batera, jan, edan eta kontsumismoaren zoramena. Kotsumitzaile garen aldetik, erosten ditugun produktuen kalitatea, prezioa, prestazio onenak izatea, garantia izatea… edo bestelako ezaugarrietan erreparatzen ibiltzen gara urteko azken hilabeteetan.
Ezaugarri horien artean, batzuetan euskarazko eskaintza izateari erreparatzen diogu, batik bat kulturari lotutako opari edo zerbitzuetan edo haur txikiei zuzendutako eskaintzan. Baina beste kontsumo zein zerbitzuetan, kontuan hartzen al dugu euskarazko eskaintza duena? Zer nolako garrantzia ematen diogu?
Aurrekoan, emakume bat euskarazko zoriontze postal bat aurkitu ezinean ikusi nuen dendan eta administrazioan gabonetako loteria erosterakoan guzti guztia gaztelania hutsean errotulatzen zutela konturatu nintzen, Euskal Herrian produzitutako jaki eta edarien artean ere gehientsuenak gaztelania edo frantses hutsean etiketatuak ditugu, arropa dendak, ile-apaindegiak… euskararen arrastorik ez edo ezer gutxi.
Izan ere, Nafarroan kontsumitzaile bezala euskarazko eskaintza izatea ez dago inon erregulatuta eta araudi aldetik babes minimoa ere ez izateak bere isla du kalean eta eremu sozioekonomikoan noski. Produktu edo zerbitzuen kalitatea, berdintasuna, kontsumitzaileekiko aitortza edo bestelako ezaugarriekin kontsumogaiak identifikatzeko hainbat neurri hartzen diren bezala, zergatik ez zaio euskaraz kontsumitu ahal izateko eskubideari aitortza egiten? Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen legean ez da hizkuntza eskubiderik inondik aipatzen (ez eta legez ofiziala den eremuetan ere). Jendarteko eremu estrategikoenean neurririk ez hartzea ere batzuentzat estrategikoa dela esango nuke.