Ahaleginak beti batzuenak

Erabiltzailearen aurpegia Agurne Gaubeka 2022ko urr. 11a, 15:59

Jakin badakigu euskaraz bizitzen saiatzerakoan hainbat tupustarri edo oztopo aurkitzen
ditugula, askotan aurrera egiten uzten ez digutenak, baina zerbait euskaraz egiteko aukera
ematen diguten kasuetan ere zer gertatzen da?
Ekainean Nafarroan izan ziren Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazio proben kasua adibide bezala
mahai gainean jarri nahiko nuke. Izan ere, proba hauek euskaraz egin zituztenek ahalegin
bikoitza egin behar izan zuten: euskarazko azterketen bertsioan ohikoa izaten den moduan,
galderetan akats dezente aurkitu zituzten irakasleek. Zehazki gizarte-matematika eta fisikako
akatsak oso larriak izan ziren eta gainera, aurten irakasleek ez zuten arazoa azkar konpontzeko
modurik izan. Nola ez, urtero kexa unibertsitatera helaraztean, kontuan hartuko dutela
erantzuten dute, baina hurrengo urtean egoera berdina errepikatzen da.

Ahalegin bikoitza egin behar dugula argi dago, tupustarrien gainetik salto egin ere, baina
azterketak euskaraz berme osoz egin ahal direla bermatzea hain zaila ote da? Irakaskuntzako
adibidea aipatu dugu baina eremu publikoko bestelako alorretan ere gertatzen da eta inondik
inora itzultzaileei errurik bota gabe, ez luke ziurtatu beharko arlo bakoitzeko aditu euskaldun
batek, galderak ulergarriak eta zuzenak direla? Zergatik uste dute euskarak ez duela kalitate
aldetik inongo bermerik behar? Agian azterketa edo probak euskaraz egitea eskatuko duen
inor ez dela egongo uste dute? Edo hori da nahi dutena, ardura eta betebeharra dutenek ez
dutelako euskararen erabilera bermatzeko neurri eraginkorrik hartu nahi?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!