El salto de la Reja

Erabiltzailearen aurpegia Garat Gaztelu 2026ko maiatzaren 26a

Atzo izan zen El Rocion “El salto de la Reja” famatua. Ehunka Almonteñok ama birjina babesten duen hesiaren gainetik pasa eta prozesiora airean ateratzen duten momentua. Eta horrekin batera hasi ziren sare sozialetan betiko kritikak, fanatismo erlijiosoaren erakusgarri dela azpimarratuz. Andaluziar ezkertiar asko, ordea, ohitura horren defentsan atera dira, “Adelante Andaluziako” Teresa Rodriguez, esaterako.

 

Ni ez naiz Andaluziarra, eta ez dut ohitura hori ulertzen, baina zer pentsatu eman dit kontuak. Kritika gehienak ez dituzte Andaluziarrek egin, baizik eta beste tokietakoek baizik. Eta burura etorri zait, azken urteetan, Sanferminen aurretik sare sozialetan ikusi izan ditudan kritikak, esanez jai horiek basakeria direla zezenen torturari lotuta daudelako estuki. Eta ez da gezurra, baina guk badakigu ez dela hori bakarrik, askoz gehiago dela.

 

Ez hori bakarrik, kontzienteki jakinda zezenen ohitura horrek suposatzen dutena, hausnartu dut ere nik zerekin lotzen ditudan. Eta ez ditut zezenketarekin bakarrik lotzen. Lotzen ditut peñekin. Lotzen ditut osaba-izeben etxetik, merendatu ondoren, ikusitako entzierrillo isil horrekin. Lotzen ditut txikitako udako goizeko 6:30eko hitzorduekin, Tafallara, Lizarrara.. joateko entzierroa ikustera. Lotzen dut entzierroaren osteko ajoarrieroarekin.

 

Horrek guztiak ez du ohitura hori justifikatzen, inondik inora. Baina bai laguntzen didala ulertzen zergatik bere burua ezkertiar eta ateotzat duen Andaluziar batek ez dituen El Rocioko erromeriari edota haien Aste Santuko kanpotik egindako kritika horiek ongi hartzen. Hobe genuke, kanpoko ohiturak kritikatu baino, gure ohituretan autokritika egiten jarraituko bagenu; zalantzarik gabe, geroz eta gazte gehiago doalako plazara, ez gutxiago.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!