Aurrekoan, interneten nabigatzen ari nintzela, topo egin nuen Floren Aoizek Elkartu foroarendako emandako hitzaldi batekin, Nafar identitateen ingurukoa. Bertan Florenek azaltzen zuen nafar identitatea bi bloke nagusitan banatzen dela egun, nafar-euskaldunak eta nafar espainiarzaleak.
Gogora etorri zitzaidan nola, askotan, lagun artean, mintzatu izan garen Iruñeko errealitateaz, esanez Iruñea eta Pamplona existitzen direla. Batak euskara, besteak gaztelera. Batak Jarauta, besteak San Nikolas. Bata iparraldera, bestea hegoaldera. Egia da orokorkeriatan ari naizela, baina ziur nago entzuleok berehala jakin duzuela zein bi hiriz, gizartez, errealitatez ari naizen.
Eta ez naiz ari horretaz epaile edo kritikari lanetan aritu nahi dudalako. Ari naiz gutariko asko batean jaio bagara ere, bestean bizitzeko aukera izan dugulako. Ezin izanen diet behar bezala eskertu Pamplonan jaio eta hezitako nire gurasoei Iruñea oparitu izana. Ezin duzue imajinatu zeinen ederra den Pamplonan ezitako AEKko ikasleak euskararen bidez Iruñea ezagutzen laguntzea.
Kontua da Pamplonak Iruñeari ezikusiarena egin nahi izan diola. Iruñea zokoratu eta Pamplona besterik ez balego bezala jokatu. Horren aurrean, Iruñeak beti bilatu izan du bere txokoa, Pamplonaz haratago beste zerbait badagoela ikustaraziz.
Eta horregatik da hain garrantzitsua Iruñeak espazioak bereganatzea. Horretan ari da LABA proiektua, Pamplonako “sala de estar” izendatu duten horretan, iruindarrondako egongela eraikitzen. Iruñean bizi garenok gure espazioa izan dezagu; eta, Pamplonan bizi direnak, ikusi, eta bereziki, entzun gaitzaten.