Urtarrilak 20

Erabiltzailearen aurpegia Garat Gaztelu 2025ko urt. 20a, 17:31

Urtarrilak 20 ditu gaur, San Sebastian eguna. Donostia, Tafalla eta beste hainbat euskal hiri eta herritan danborrak joaz ari dira haien patroia ospatzen. Euskal Herritik kanpo ere egun garrantzitsua da gaurkoa, AEBn gaur hartuko baitu ofizialki kargua presidente berriak, Donald Trumpek.
 Gaurkoan, baina, duela bi hilabete sinatutako akordioaz hitz egin nahi dut, Erorien Monumentua eraldatzekoaz. Bi hilabete igaro dira EHBildu, PSN eta Geroa Baik eraikinean esku-hartzeko adostasuna iragarri zutenetik, eta eztabaida ez da amaitu.
 Eskuina, beti bezala, eraikina bere horretan mantentzearen alde agertu da, logikoa jakinda haien “gurutzadan” hildakoei eraikitako monumentua dela. Baina akordioaren aurka agertu dira ere hainbat memoria elkarte eta, bai Iruñeko, bai Nafarroako gobernuko bazkide diren Contigo-Zurekineko kideak. Haien ustez erakina eraistea beste aukerarik ez dago. Horren aldeko manifestazioa egin zuten larunbatean eta ehunka lagun bildu ziren bertan.
 Eztabaida monumentua eraitsi edo ez izan balitz, ni ere haien artean egonen nintzateke, dudarik gabe. Eztabaida, ordea, monumentua dagoen bezala utzi edo ez delakoan nago, eta eztabaida horretan argi dut ez dudala beste 82 urtez faxismoari gorazarre eginen dion eraikinik nahi nire hirian. Eta hori da akordioak ahalbidetzen duena, faxismoa goratzen duen eraikina faxismoari aurre eginen dion zentro bilakatu. Trumpek AEBn botere politikoa berreskuratuko duen egunean, Europan faxismoa gorantza doanean; uste dut inoiz baino beharrezkoagoak direla horiei aurre egiteko akordio zabalak, eta horixe da Iruñean erdietsi dena. Finean, eztabaida esku-hartu edo orain arte bezala jarraitu baita, ez besterik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!