Denak irabazle

Erabiltzailearen aurpegia Garat Gaztelu 2024ko api. 22a, 17:43

Atzo izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak, inoizko lehiatuenak. Baina, lehiatuenak izanagatik, oso zaila dirudi gaur irabazle bat izendatzea. Ez naiz ari botoetan edo eserlekuetan nork irabazi zuen esateaz, ari naiz hauteskunde prozesuaren benetako irabazleaz. Politikan, beste esparru askotan bezala, izan daitekeelako batek baino gehiagok bere burua irabazletzat jotzea. Bart gaueko emaitzak jakin osteko adierazpenak ikusita, ematen du hori dela gertatu zena.

 EAJk lortu ditu bere helburuak; lehen indarra izan da botoetan, legebiltzarkide kopuruan EH Bilduk ez dio irabazi, eta PSEren botoekin gehiengo absolutua lortu dute berriro ere. Berdin dio lau eserleku eta ia lau puntu galdu izana.
 
 EH Bilduk ere lortu ditu bereak; EAJren hegemonia arriskuan jarri du, ordezkari kopuru berdina lortu du parlamentuan, eta haien arteko distantzia 11 puntukoa izatetik 2,5 puntukoa izatera pasa da. 4,5 puntu eta 6 legebiltzarkide igo da, Araban eta Gipuzkoan lehen indarra izan da, baita Gasteizen eta Durangonere. Berdin dio gobernura iristea ezinezkoa iruditzea edota “sorpasorik” lortu ez izana.

 PSEk eta PPk bete dituzte haien helburuak. Biek lortu dute ehunekoetan eta legebiltzarkideetan gora egitea. Berdin zaio PSEri lehendakaritzako lehiatik gero eta urrunago egotea, eta berdin zaio PPri determinanteak ez izatea. Sumarrek eta VOXek ere lortu dute nahi zutena, biek lortu dute ordezkaritza eskuratzea. Elkarrekin-Podemos da argi eta garbi galdu duen alderdi bakarra, parlamentutik kanpo geratu baita.

 Beraz, bai, denek esanen dute irabazi dutela, eta hein batean gauzak horrela dira, hauteskundeetako haien helburuak bete dituztelako. Horregatik, hauteskundeetako garailea zein izan den erabakitzerakoan, komenigarria da momentuko espektatiba eta helburuetatik haratago joan eta tendentzia historikoak begiratzea. Horretara jotzen badugu, argi dago bart gaueko irabazlea zein den. Etengabean gora egiten ari den eta EAJren hegemoniarekin apurtzeko gaitasuna izan duen indar bakarra, Euskal Herria Bildu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!