Hasi da ofizialki hauteskunde kanpaina Euskal Autonomia Erkidegoan eta, kanpaina guztietan bezala, alderdiek bi asteotarako haien estrategiak definitu dituzte. Estatuko ezkerrak bere burua ezker bakartzat jo du, bi hautagaitzatan zatitu badira ere. Alderdi Popularrak Sanchismoaren aurkako erreferentzia dela aldarrikatu du, EAEko hauteskundeak direla erabat alboratuz. PSEk EAJren kudeaketa kritikatu du, elkarrekin gobernatu badute ere. EHBilduk aldaketarako ilusioa helarazi nahi du; nahiz eta nahiko argi dirudien, lortutako emaitzak lortuta ere, PSE-EAJ gobernu koalizioa errepikatuko dela.
Eta EAJk aurtengo kanpainan, aldaketarako tentazioen aurrean, marka ziurraren irudia eman nahi du. Zalantzatiak beregana erakarri nahi ditu, alternatibarekiko beldurra zabalduz. Segurtasun ereduaren gaineko eztabaidari dagokionez, adibidez, segurtasun faltaren mamua astindu dute; kontuan hartu gabe orain arte haiek izan dutela segurtasun sailaren gaineko ardura.
Eta hauteskunde osteko akordio posibleei dagokionez, beste mamu bat astindu dute: “pamplonada”. Pradalesek honela izendatu zuen PSE EHBildurekin adostasunetara heltzeko arriskua. Ez zuen kontuan izan “pamplonada” horretan bere alderdia barne hartzen duen koalizioa, Geroa Bai, ere bazela. Ez hori bakarrik, ez zuen kontuan izan Geroa Baik legegintzaldi osoa eman duela PSN bultzatzen “pamplonada”-z gain “estellada”, “egüesada” eta abar egiteko.
Bitxikeria bat izateaz gain, edo hobeto esanda kanpainako hanka sartze bat; EAJk kanpainan hartutako jarreraren adierazle dela uste dut. Bere burua bloke aurrerakoian kokatu ordez; eskuinaren blokean, adibide honetan UPNren zapatetan zehazki, kokatu du. Izan daiteke erabaki hau hartu izana, Nafarroan UPNk ordezkatzen duen klientelismo eta interesak EAEn EAJk ordezkatzen dituelako?