Nafarroan trafiko-eskumenarena, aspalditik datorren gaia izan arren, azkenaldian bolo-bolo dabilen gai bat da, eta, hori dela eta, horri heltzea erabaki dut; nire ustez, trafiko eskumenaren transferentzia gauzatzea ezinbestekoa baita, Nafarroan Frankismo aurreko autogobernua berrezarri nahi bada.
Askok uste dute trafikoaren gaiaren gaineko eztabaida Foru Hobekuntzarako legearen ondorio bat dela; baina ez da hain ezaguna eztabaida honen jatorria XX. mendeko 50eko hamarkadan dagoela; eta, are gehiago, gutxik dakite Nafarroak trafiko-eskumena bere esku izan zuela 1928an Diputazioak Errepideetarako Polizia Kidegoa sortu zuenetik aipatutako hamarkadara arte.
1841eko lege “hitzartuak” finkatzen zituen zeintzuk ziren Nafarroaren eskumenak, eta zeintzuk Estatuarenak; baina trafikoa bezalako eskumen “berriak” agertu zirenean, eta legeak kontrakorik esaten ez zuenez, Nafarroako Diputazioak bere gain hartu zituen, normaltasun osoz. Horretarako, kasu honetan, Diputazioak lehenago aipatutako Errepideetarako Polizia sortu zuen, gerora Foruzaingoa izanen zenaren jatorria.
Esan bezala, Nafarroak eskuduntza hau bere gain hartu eta kudeatu zuen normaltasunez 1959. urtea arte, guda zibilak ez baitzuen Nafarroaren autogobernuan eragin berezirik izan, “probintzia leial” izendatu baitzuten. Urte horretan, ordea, uztailaren 30eko 47 legean, Gobernu Espainolak Gobernadore Zibilaren, hau da, estatuaren beraren, esku utzi zuen eskumena. Frankismoak jazarritako, eta frankistek beraiek zuzendutako, Diputazio Nafarrak ezin izan zuen ezer gutxi egin eskuduntza hori defendatzeko, eta 1961ean ondorengo mezua kaleratu zuen: “patriotismoaren eta gobernuarekin beti izan nahi izan duen erlazio onen onuran, diputazioak ez du desegokia ikusten bere eskubideen gauzatzea oraingoz uztea… [baina] egoerak eskatzen duenean, gaur ematen den eskumen hau berreskuratzeko ahalmena erreserbatuz”. Esan gabe doa hartutako erabakia ez zela askatasunez hartu, ezin baita atzendu diktadura baten baitan eman zela, eta Diputazio kideak frankismoak berak hautatuak zirela.
Egun Nafarroaren autogobernua arautzen duen legeak, Foru Hobekuntzarako Legeak, argi adierazten du trafiko-eskumena Nafarroarena dela, baina Frankismoak ostutako eskumena oraindik ez zaio Nafar Gobernuari bueltatu. Eta hor datza gakoa, eskumen honen itzulera ez da, batzuek dioten bezala, autogobernuaren hedatze bat, baizik eta frankismoaren aurkako eta justizia demokratikorako neurri bat. Beste era batera esanda, ez da autogobernuan aurrerapauso bat, Frankismo aurreko autogobernua errespetatzea, besterik ez.