Lezioak Brasildik

Erabiltzailearen aurpegia Garat Gaztelu 2022ko urr. 31a, 13:26

Lulak irabazi ditu hauteskundeak Brasilen. Berri pozgarria benetan, ez soilik ezkertiarrontzat, baizik eta munduko, eta bereziki Hego Amerikako, demokrata ororentzat. Beraz, lehenik eta behin, zorionak Lulari eta Brasilgo herriari.

Baina berri on honetaz haratago, badira kontuan hartu beharreko irakaspenak, bereziki jakinda Brasil izan dela olatu ultraeskuindar globalaren laborategietako bat. Batetik, berriro ere inkestek huts egin dute, eta ultraeskuinak inkestek ziotena baino emaitza hobeak eskuratu ditu. Bestetik, ultraeskuinak martxan jarri ditu bere eskura zituen neurri guztiak hauteskundeak galtzea ekiditeko, naiz eta demokraziaren aurkakoak izan. Kasu honetan ipar-ekialdean, non Lulak bozka gehiago eskuratzen dituen, poliziaren kontrolen bidez bozka emaileen desplazamendua zailduz.

Hori gutxi balitz, azken egunera arte aritu da ultraeskuina “fake news”-ak zabaltzen, adibidez esanez Carla Zambelli diputatua erasotua izan zela, bera izan zenean estropezu egin eta, bere bizkartzainekin batera, kazetari beltz bat pistolarekin mehatxatu zuena. Eta azken irakaspena, eskuin tradizionalak eta botere ekonomikoek nahiago dute ultraeskuina ezkerra baino. Horren isla da, Lularen kanpainaren finantzaketa nagusia alderdien bidez egin den bitartean, Bolsonarorena ekarpen pribatuen bidez egin izana. Azken finean negozioa demokraziaren gainetik dago aberatsenentzat.

Beraz, ospatu dezagun Lulak irabazi izana, baina ikas dezagun ere ultraeskuinak nola funtzionatzen duen, aurre egin ahal izateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!