Gerra hotsak datoz ekialdetik. 2014an hasitako gatazka honek eztanda egin du Ukraina inbaditzeko Errusiaren erabakiarekin. Egoera honek giza sufrimendu eskerga sortzen ari duela argia da, eta geroz eta gehiago luzatu orduan eta okerragoa izanen dela ere. Baina sufrimenduaz haratago, eta bereziki europan, egoera honek kontraesanak ere azaleratu ditu.
Gurean biolentziaren aurkako diskurtsoak egin dituztenak ikusi ditugu zibilak armaz hornitzearen alde, armak bidaliko dizkietela iragarriz. Ikusi dugu europan nagusi den arrazakeria azaleratzen, eta Ukrainako errefuxiatuak eskuzabalik onartzen diren bitartean, beti ere arrazializatuak ez badira, Guardia Zibilak Melillan Saharaz hegoaldetik etorritako errefuxiatuak jipoitzen eta arbuiatzen ikusi ditugu.
Martxoak 8aren atarian gauden honetan, eta denek berdintasuna aldarrikatuko duten honetan, ikusi ditugu komuniakabideetan Ukrainako emakumeen esplotazioaren bidez guraso izan nahi dutenak negarrez, haien eskaera helduko ote zaien kezkatuta, emakume horien amatasuna bera ere ukatzen zuten bitartean.
Eta azkenik, demokrazia liberalak aldarrikatzen dituzten bitartean, eta Errusiak darabilen zentsura salatzen duten bitartean, Europak komunikabideak zentsuratu ditu, medio aunitz ditugun arren, gatazkaren inguruko diskurtso bakarra entzun dezagun saiatzeko. Komunikabideak zentsuratu eta kazetarien atxiloketak onartu, Europar Batasunaren baitan. Hitz hauen bitartez, eta amaitzeko, nire elkartasunik beroena Pablo Gonzalezi, eta bere senide eta lagun guztiei.