Auto

Erabiltzailearen aurpegia Garat Gaztelu 2022ko urt. 10a, 13:19

Aurreko astean koronabirusa harrapatu nuen. Edo koronabirusak ni, zezenak entzierroko korrikalaria bezala. Ez nuen espero, gabonak txintxo-txintxo etxean eman ondoren, baina harrapatu ninduen. Lehenengo eguneko sukarrak pasata, eta entzierro osoak zapaldu ninduelaren sentsazioa atzean utzita, esan dezaket nahiko ongi nagoela orain. Ez nuke berdina esanen gure sistemari buruz.
Hasi ginen autotesteoarekin, hasieran prebentzio neurri bezala, eta azkenean Nafar Gobernuak utzi dio konfirmazio probak egiteari. Nire kasuan behintzat ez zen beste probarik egon, positibo nintzela informatzearekin, nahiko. Oporrak luzatu nahi dituenarentzat, bai aukera ona!
Autotesteotik, beste pauso bat eman dugu aurrera, eta orain autojarraipena jarri dugu martxan. Nire kasuan behintzat. Positiboa gaztigatu eta berehala esan zidaten, kutsatzearen jatorria transmisio komunitarioa zela suposatzen zenez, ez zituztela nire kontaktuak jarraituko. Horren ordez SMS mezutxo bat bidali zidaten, nik kontaktu gisa hartzen nituenei bidali ahal izateko, haiek egin beharrekoa informatuz. Eskerrak gabonetan etxekoekin bakarrik ibili izana, ez bainuen nire burua ikusten, koronabirusak jota eta sukarretan, pertsona askoren atzetik.
Zentzu honetan, ez dakit zein izanen den hurrengo “auto”-a, espero dut gehiago ez izatea eta, koronabirusaren olatu hau pasatakoan, urak bere onera bueltatzea. Azken finean, autotesteoan tira, autojarraipenean larriago, baina ziur nago ez dudala nire burua autoebakuntzan ikusten. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!