Apirilaren 29an jakin genuen Iruñeko Udalaren udako programazioa, eta aurkeztutako ekitaldien artean, deigarri egin zitzaigun askori, Iruñeko Harresien Lehen Hipika Txapelketa. Hasiera batean udal honen ideia kultural bat besterik ez zirudien, beti bezala hiritarretan pentsatu ordez, kanpotarretan eta negozioan pentsatua. Geroago jakin genuen Juan José Echeverría, Iruñeko Udaleko zinegotzia, Nafarroako Hipika Federazioko juntako kidea dela, edota Amaya Otamendiren enpresak, UPNren izenean zinegotzi eta parlamentari izandakoaren enpresak, antolatuko duela ekitaldia.
Aurreko astean jakin genuen Javier Labairu, Herritarren Segurtasunerako zinegotziak, autoa garabiaren biltegitik atera zuela, ordaindu gabe. Laguna omen den eta garabi-zerbitzuan lan egiten ez duen udaltzain bat baliatu zuen, eskuz eta datarik gabe idatzitako txosten bat egiteko, doako erretiratze hori justifikatuz. Eta ez hori bakarrik, oposizioak salatu duenez, sailetik etengabe saiatu dira informazio hau ezkutatzen.
Lotsagarriak dira bi egoerak, udalari ustel-usaia dario, baina are lotsagarriagoa eta ulertezinagoa da udal gobernuaren makuluaren jarrera.
Navarra Sumak bere zinegotziak defendatu ditu, nola ez. Gertaera hauek politika egiteko duten moduaren adierazle argiak dira. PSNk, beti bezala, agertu du gertatutakoarekin bere kezka, eta informazioa eskatu du, baina aste berean Udal Gobernuarekin bat egin dute aurrekontuak aldatzeko, oposizioarekin aldaketa akordatu ordez, eta merkataritza-gune erraldoi berri bat babesteko, eskuinaren makuluarena eginez berriz ere.
Lotsagarria da Navarra Sumaren jarrera, baina are lotsagarriagoa PSNk Iruñean daramana, hiri proiekturik ez dutenaren sintoma, edo duten bakarra “Agur Asiron!” triste batean laburbildu daitekeenarena. Nafarroan PSN konturatu zen eskuinaren makulu izateak ondorio larriak dituela haientzako eta nafar gizartearentzako, konturatuko ote da noizbait Esporrin anderea?