Azken bi asteetan gure hizkuntzak eraso ezberdinak jasan ditu, denak “auzitegien” eskutik. Lehenik eta behin Frantziako Konstituzio Kontseiluak, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren parekoa litzatekeenak, bertan behera utzi ditu Hizkuntza Gutxituen Legearen 4. eta 9. artikuluak, konstituzioaren kontrakoak direlakoan. Modu honetan murgiltze eredua konstituzioaren kontrakoa dela ebatzi du. Aurrera pauso izan behar zuena, atzera pauso izan daiteke, bai euskararentzat, bai Frantziar Estatuan mintzo diren beste hizkuntza gutxituentzat. Berehala heldu dira Ipar Euskal Herritik erantzunak, eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari den Jean Rene Etxegaraik argi adierazi du “Erabakia gerla deklarazioa da tokiko hizkuntzen kontra!”.
Bestetik, Irungo Udalak Udaltzain zerbitzuko 12 posturi ezarritako hizkuntza eskakizuna, euskaraz ez dakitenentzat “diskriminatzailea” dela ebatzi du Euskal Autonomi Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, eta bertan behera utzi du deialdia. Ebazpenaren arabera euskarazko zerbitzua ziurtatzeko, nahikoa da “jendeari arreta egiten dion udaltzainetako batek” euskaraz jakitea. Kasu honetan, Ipar Euskal Herrian bezala, instituzioek gogor jo dute epaileen erabakiaren aurka, eta Eusko Jaurlaritza argia izan da, eskakizuna legezkoa dela adieraziz. Horretaz gain Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak Irungo Udalak epaiari jarriko dion helegitea babestuko dutela adierazi dute.
Azkenik, Nafarroan, Atarrabiako Udalak plantilla organikoko lanpostuetan euskara meritu gisa baloratzea, eta postu batzuetan derrigorrezkoa izatea, bertan behera utzi du Nafarroako Administrazio Auzitegiak. Ez da lehen aldia, eta Nafarroako beste udal askok jasan dute horrelako ebazpenik azken aldian, Uharteko Udalaren kasua adibidez.
Azken honetan ordea, aurreko kasuekin alderatuta, Nafarroako Gobernuaren erantzuna ez da batere argia izan. Besteek euskararen eta udal erabakien aldeko jarrera adierazi dutenean, Nafar Gobernua mutu geratu da. Bada garaia Nafarroako Gobernuak euskararen aurkako fobiak albo batera utzita, gure hizkuntzaren aldeko apustua egin dezan, baina gu gara norabide horretan bultza egin behar dugunak, ez dezagun ahaztu.