Asteburu honetan bertan-behera geratu da alarma-egoera Nafarroan eta Espainiar estaduan. Horrekin batera erkidego askotan amaitu egin da etxeratze-agindua, eta irudi larriak ikusi ditugu. Badirudi, gizartearen sektore batek ez duela ulertu alarma-egoeraren amaierarekin ez dela pandemia amaitu. Baina gaurkoan ez naiz horretaz arituko, baizik eta Nafarroan gerta daitekeenaz.
Nafarroak ez du etxeratze-agindua kendu, eta Nafarroako Justizia Auzitegiak erabakia hartu bitartean, martxan izango dugu neurri murrizgarria. Fiskaltzak dagoeneko agertu du neurri honekiko bere kontrakotasuna, eta argi utzi du, bere iritziz, alarma-egoera bezalako aterki juridikorik gabe ezin dela horrelakorik mantendu. Eta ni bat nator fiskaltzak defendatutakoarekin.
Azaldu behar dut, askoren iritziaren kontran bada ere, nire ustez etxeratze-agindua eraginkorra eta beharrezkoa izan dela, ez birusak gauez gogorrago erasotzen duelako, baizik eta denok dakigulako gaueko ordu txikitan, eta askotan alkoholarekin lotuta, gure jarrera arduratsu eta kontzienteak behera jotzen duela.
Baina erabilgarria izateak ez du esan nahi edozein egoeratan ezarri daitekeenik. Horretarako dago alarma-egoera, salbuespenezkoak diren, edo beharko luketen, neurriak martxan jartzeko, legegileak ezarri dezakeen salbuespenezko egoera. Ezin dugu naturaltasunez onartu gobernuek bere kabuz horrelako neurri murrizgarriak ezartzea, salbuespenezko mekanismoak erabili gabe.
Amaitzeko, argi dago Madriletik ez dela etorriko egoera honen konponbidea, beraz bi kontu. Lehenik, Nafarrok beharko genuke erabaki Nafarroan nola erantzun osasun-krisiari, eta horretarako subiranotasun osoa beharko genuke. Bigarrenik, beste toki batzuetan gertatutakoa ikusita, izan gaitezen arduratsuak, neoliberalismoak hain beste maite duen libertate indibiduala aitzakia hartuta, ez dezagun askatasun eta zaintza kolektiboa alde batera utzi.