Pandemia honek zaintza lanen garrantzia agerian utzi duela ez dago eztabaidatzerik. Etxeratu gintuztenean, adineko jendea gaixotu zenean… han egon ziren erizainak, zahar-egoitzetako langileak, eta, nola ez, garbitzaileak. Birusa ongi ezagutzen ez genuenean, norbera babesteko ekiporik ez zegoenean, han egon ziren, lehen lerroan, birusa borrokatzen.
Baina garbitzaileen lana ez zen pandemiarekin jaio, beti izan dira hor, askotan ikusezin zitzaigun funtsezko lana egiten. Eta sektoreak bizi dituen arazoak ere, aurretik datoz. Sektore feminizatu honetan prekarietatea eta lan baldintza kaskarrak izan dira nagusi. Bi urte daramatzate hitzarmenik gabe, azkena pandemia betean, eta patronalaren jarrera onartezina dela salatuta, greba deitu dute apirilaren 13, 14, 15 eta 16rako.
Egoera latz honen aurrean, Nafarroako Gobernu “aurrerakoi” honek erabaki lazgarria hartu du, eta ia administrazio osoan % 100-eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu, patronalari mesede eginez. Erabaki lotsagarri honek, egoera okertu besterik ez du egiten.
Beraz, egoera lazgarri honen aurrean, eta Nafarroako Gobernuaren jarrera ikusita, arrazoi gehiagorekin, nire elkartasun osoa adierazi nahi diet langileei haien borrokan, bai eta beste hiritar guztiei berdina egin dezaten eskatu. Hain zuzen hau delako pandemia garaian askok eskatzen genuen elkar zaintza. Garbitzaileak beti egon dira gu zaintzen, eta orain gure txanda da, elkartasuna eta indarraren bidetik, haiek zaintzeko. Elkartzen garenean geldiezinak garelako, gora garbitzaileen borroka!