Gazteak parlamentutik at

Erabiltzailearen aurpegia Garat Gaztelu 2021ko mar. 15a, 13:09

Aurreko udazkenean Nafarroako Gazte Sozialistak, Gazteok Bai, EHBildu Gazteak eta Rebeldía gazte antolakundeek, pandemiak gazteongan izandako eragina arintzeko, Gazte Erreskate Plana aurkeztu zuten, eta, Urtarrilaren 20ean, Nafarroako Parlamentura eraman zuten. Gaurkoan ez naiz planaren inguruan mintzatuko, baizik eta parlamentari batek bota zituen hitzen inguruan.
 Angel Ansa izan zen Navarra Sumaren bozeramalea, eta esan zuenaren artean, gauza batek atentzioa deitu zidan. Lan saio hura alderdikoia zela esan zuen, lotsagarria bere hitzetan, eta horrelakoak ez zirela Nafarroako Parlamentuan egin behar, baizik eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluan edota Nafarroako Gazte Parlamentuan. Nafarroako Parlamentua ez zela gazte erakunde horiendako foro egokia, alegia.
 Hitz hauek entzun ostean, ondorengo gogoeta etorri zitzaidan burura: “Ez dituzte gazteak parlamentuan ikusi nahi? Ez al gara gu ere nafar gizartearen parte?”. 50 parlamentariren artean soilik bat da gaztea, eta ez da soilik Nafarroan gertatzen den zerbait, mundu osoan ematen den errealitate bat baizik. Munduko herrialde batzuetan hauteskunde-zerredetan gazte kuotak ezartzea ere pentsatu dute, genero berdintasuna bermatzeko ezarri zirenen antzera.
 Hau horrela izan arren, askok diote orain gazteok ez dugula politikarekiko interesik, berdin zaigula gure inguruan gertatzen dena, ez dugula parte hartzen... Hau gezurra da. Gazte askok parte hartu zuten, konfinamendua ezarri zenean, auzo eta herrietan sortu ziren zaintza sareetan. Gazte askok militatzen dugu mugimendu politikoetan, alderdietan eta alderdietatik kanpo, mugimendu feminista edo klima aldaketaren aurkako mugimendua adibidez. Eta, noski, askori inporta zaigu gure inguruan gertatzen dena, baina oso gutxitan daukagu ahotsa politika instituzionalean, erabakiak hartzen dituen horretan alegia.
 Amaitzeko, egungo gazteria kritikatzen duten horiek, entzun dezatela gazte ahotsa gehiago, helduen ahotsa entzutea baino zailagoa bada ere. Eta, proposamen bezala, entzun ditzatela pixka bat Nafarroako Gazte Parlamentuan parlamentariek eramaten dituzten eztabaidak, ziur nago iritzia aldatuko dutela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!