Gazteak baleki, zaharrak baleza

Erabiltzailearen aurpegia Garat Gaztelu 2021ko mar. 1a, 12:55

Kaixo, Garat Gaztelu naiz, eta hemendik aurrera, noizbehinka, nire ahotsa entzunen duzuela ematen du. 25 urte ditut, Arrotxapeakoa naiz, eta, zuzenbiden graduatua naizen arren, egun AEKn nabil euskara irakasle lanetan. Gaurko zutabea prestatze aldera, gai aunitz izan dut buruan, eta, hauen artean, burura etorri zitzaidan duela gutxi ezagutu nuen atsotitz bat, egun zentzu berezia hartzen duelakoan.
 “Gazteak baleki, zaharrak baleza”, gazteak faltan du jakinduria, esperientzia, eta zaharrak, ordea, sasoia, osasuna. Azken urtean ikusi ditugu pandemiak gure gizartean izaten ari dituen ondorioak, eta, argi ikus dezakegu; Covid-19ak eragin larriagoa izan du zaharrenen artean, hilkortasun tasa  altuagoa baita hauen artean. Azken aldian, ordea, ezagutu dugu pandemiak psikologikoki izan duen eragina, eta, zentzu honetan, gazteen artean izan du eragin negatiboena. Pandemiak gogor jo du gure zaharren osasun fisikoa, baina baita gazteon osasun psikologikoa ere.
 Gazteon egoran zentratuta, esanen nuke pandemia aurretik datorrela arazoa, eta pandemiak indartu egin duela. Sistema honek zihurgabetasunak eskaintzen dizkigu gazteoi, ez besterik. Ez dugu zihurtasunik lanean, ez dugu etxetik joan eta gure bizi proiektua martxan jartzeko zihurtasunik... Zihurgabetasun hauen ondorio dira estresa, esperantza falta, ezinegona...
 Honi gehitu beharko genioke pandemiaren egoerak ezarriarazi dituen neurriak. Asko gure gurasoekin izan ginen etxeratuak, guk hautatutako harreman sozialetatik hurrun. Ez dut esanen, nire kasuan behintzat, gurasoekin egon beharra oso gogorra izan zenik, ez da hori gakoa. Gakoa da guk eraikitako bizi proiektua alde batera utzi, eta lotuta geratu ginela, berriz ere, gure gurasoek sortutako proiektura.
 Honekin ez dut esan nahi neurriak desegokiak izan zirenik, pandemiari aurre egiteko ez zegoen besterik, baina bai azpimarratu nahiko nukeela gazteekiko eragin gogorra izan zutela. Beraz, eta amaitzeko, eskaera bat egin nahiko nuke, bete ditzagun osasun neurriak, baina izan dezagun gure ingurukoekin enpatia gehiago. Azken finean, zaindu diezaiogun elkarri, bai fisikoki, bai mentalki. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!