Azkeneko asteetan Pobreziaren eta gizarte bazterketaren kontrako saretik Akompainamenduaren inguruko formakuntzak martxan jarri dituzte. Baita entzun izan dugu Akonpainameduren inguruan Nafarroako Parlamentuan Errenta Bermatuaren aldaketen inguruan hitz egitean, baina, zer da berez Akonpainamendua esku hartze metodología bezala? Akonpainamendua ez da unean uneko laguntza hutsa; gizarte-eskuhartze ororen oinarrizko zutabea izan behar da. Pertsonaren ondoan egotea esan nahi du. Konfiantzan, errespetuan eta entzuketan oinarritutako harreman bat eraikitzea da. Prozesu honek banakako ibilbidea eskatzen du. Ez dago formula magikorik guztiontzat: pertsona bakoitzaren beharretara, erritmoetara, gaitasunetara eta asmoetara egokitu behar dugu. Ez dugu helbururik inposatu behar; helburuak elkarrekin adostu behar ditugu, pertsonak bere prozesuko erabakietan parte-hartze aktiboa izan dezan. Baina, metodología bat denez ezin dugu kasu guztietan erabili, beraz zertarako erabiliko dugu? Abiapuntua kalteen murrizketa eta bizi-kalitatearen hobekuntza izan behar da. Horrek esan nahi du egoera bereziak ulertu behar ditugula, arriskuak gutxitzeko babesa eskainiz eta, bide batez, baliabide pertsonalak indartuz aldaketa iraunkorrak eragiteko. Baina, kontuz! Helburua ez da profesionalarekiko mendekotasuna sortzea. Aldiz, autonomia sustatzea eta pertsonaren gaitasunak indartzea da gakoa. Akonpainamenduaren bidez, gizabanakoak bere indarguneak ezagutu ditzan nahi dugu, zailtasunei aurre egiteko trebetasunak gara ditzan eta erabakiak hartzeko segurtasuna irabaz dezan. Akonpainamendua erabiltzea pertsonaren ondoan ibiltzea da. Bere denborak eta historia errespetatuz, babesa emanez eta baldintza egokiak sortuz. Helburua? Bizitza autonomoagoa, duinagoa eta asegarriagoa lortzea.