Zubiak firin faran

Erabiltzailearen aurpegia Dani Martirena 2026ko maiatzaren 5a

Zubi orotan besarkadak, hitzak eta muxuak firin-faran 
Kontatu beharrean nintzen hurrengoa, datorkizuena norabait bota, eta zuenera doa, Euskalerria irratiko korronteetara, batek daki noraino, non gatzatuko diren oraindik gezak diren urak. 
Ibai orok behar du bere zubia. Zubirik gabeko ibaia ez denez ehuneko ehunean ugalde. Urrobik, Urdirotz parean, izan zuen mendetan bere ur azalaren gainean bere zubi lehor dotorea. Erdi aroan mailu hotsetan zizelkatutako harritzarrez egina; bazterretik bazterrera beso bat, bi bazterrekoak elkarri besarkatzeko. 
Baina, euriak joan, elurrak etorri, urteen poderioz erran nahi baita, mendiko xenden aurrean urdiroztarrak errepideak hasi zirenean lehenesten, joan zen zubia abailtzen, xehetzen, erortzen, haragiak galdutakoan hezur kamustuetan gelditzeraino. Hemendik, “zubi hezurduna”-ren adiera.
Ez zen jazo gogoratzen ari garen hau egun batetik bertzera. Astiro, haizeak eraman zituenez, firin-faran, oharkabean bezala, Urdirotzen begi-bakarreko zubiaren betile denak. 
Orain, ordea, itzuli egin da zubia, Urrobiren uren gainera. Betile eta betazalez. Europatik iritsitako diru funtsei esker, baina hau gutxienekoa da.
Afera da, badela berriro Urdirotzen ugaldeko bi bazterrekoak zubiaren erdian elkartu eta munduaren pupuaz solastatzeko modua, hitzez eta muxuz, itsasoen gatzen egarrian Urrobiren ur korronteen xuxurla aditzeaz batera. 
Gerra orotan, oroit, zubiak izaten direla lehenak suntsitzen. 
Ederki aski daki hau etsaiak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!