Aspaldian zen ez nuela ikusten. Orain dela hamabortzen bat urte ikusita nuen hondarrekoz Maika -lagunentzat-, Maria del Carmen, bere nortasun agirian zehazten denari kasu eginez gero. Oroitzen dut, orain dela hamabortz urteko hartan, bizarra eginda bezala zegoela Maika.
Ilez soberakoa, iletsua baitzen Maria Del Carmen, zirko gaiztoenaren burlarako egokia, Maripizar, horrela deitzen zutenez dama bizarduna. Izengoitien izendegian gertatzen den bezala, ezkutua hasten dena, mespretxu eta bromaren biktima izan arte azkena jakiten baduela bere nortasun agiriari eransteko adiera berria.
Maripizar, dagokigun honetan.
Izan ere, ederki akordatzen naiz orduko hartan, bizarra eginda zegoela Maika, laserra medio, azaldu zidanez. Behin behinekoak zirenak berarentzat orduko ahalak, izan zeraz, izan pintzaz, izan kutxillaz… behin betikotuak azkenean laser pistolaz.
Nioena, orain dela aste pare bat karrikan topo egin genuen.
Erabat soildurik zen Maika, nola buruan, nola bekain, nola betile, nola beso, nola denean.
Gaitza, minbiziak, bistan da, suntsituta zuen kimioterapia eta erradioterapia kolpean Maripizar ezizenaren min madarikatua.
Berandu izan baino lehen, noiz utziko ote diogun gorputzen epaiketa eternoari?