Odolaren materia ezaz; izanen da gorria, likitsua, izanen da odola zerbait ukigarria, dastagarria, hau guztia delako odol jarioa… baina odolek bere baitan dute zerbait ez dena objektua, hutsa dena arraso, arima dena agian gehiago, memoria dena akaso… odola badenez geruza honetan zerbait mingarri bezain zoro; zoroa zeharo.
Tirita jarri nion joan zen astean alabari belaunean.
Tirita kendutakoan, odol idorra ahora eraman zuen hazazkaleko gutizia, izanen bailitz goxoki; gomazko litxarreria horien pareko gozamen.
Nazkagarria!
Iritzia askea da.
Baina alabari ikusitakotik akorduan izan nituen ene odol denak dastatu nituenekoak haurtzaroko jolasen aberrian.
Zeren, telebistan pixelatzen dizkigute zakilak eta aluak, barrabilak eta bulbak, hankarteetako sima zein gailur denak, bularrak halaber.
Maiz, pixelatzen dizkigute telebistan txortaldiak, gortina baten gibelean gordeta utziz bezala.
Agian, pixelatuko balizkigute telebistan odolak, orduan, agian, jakinminez geundeke zergatik diren munduan gero eta odol arrasto gehiago.
Azken buruan, jakinduriaren oinezeak bere baitan du materiarik gabeko plazera.