Ia begirik itxi gabe izkiriatutakoak dira hauek eta antzeratsu dira gero zuen belarrietara eskainiak, insomnioak higituta dituenak denak. Ele herrenak akaso, halaber.
Beldurra diot gauari, gero eta izu handiago bat, ohean etzan, maidireetan katramilatu eta loaren zain gelditzen naizeneko une dudakor horri gero eta beldur handiagoa diot.
Hasiko naiz ezker-eskuin, irabiatuz bezala, ustez lo faltaren atzean egon ditekeela gorputzaren kroketa-egote okerren bat.
Gero, hasiko naiz hurrengo paisajea irudikatzen: zelai zabal ordokitsu bat, haran baten oinetara. Dena dago zuri-zuri. Elurte mardul batek estaltzen du insomnioak jota nagoeneko paisaje hau. Adiskide batek aipatu baitzidan behin insomnioari aurre egiteko paisaje lasai bat irudikatu behar dugula, eta irudikatzearen irudikatzeaz, lo seko gelditzen dela bat.
Kaka-zaharra.
Agian izanen da hau guztia gero eta elur gutxiago egiten duelako gurean.
Nire seme eta alabek sekula ez dute ikusi etxeko ataria mardulki elurtuta. Aitzitik, akordatzen naiz, ene haurtzaroan, negu bakoitzean gutxienez bi bider etxe atari berberean zanpatzen genuen elur-maindire harekin, non ene zapatek uzten zuten arrastoek ematen zuten lehen astronauta ilargira iritsi zenekoaren urrats hura.
Batek daki erne-erne ametsetan ote nabilen ni!