Harriduraz edo ikaraz -ez dakit- hartu dut Ukrainara orain tankeak bidaltzeko Espainiak eta Europako beste herrialdeek hartu berri duten erabakia. Espainiaren kasuan Bolaños Presidentetza ministroak ziurtatu duenez “Espainia egon behar duen tokian egongo da”. Jakin nahiko nuke zein den toki hori. Edo herritarren zein ehunekok babesten duen estrategia hori. Jakin nahiko nuke zergatik sartzen duten herrialde oso bat gerra batean herritarrek ziurrenik nahi ez dutenean.
Edo zergatik sorginkeriaz, inork ikusi edo ulertu ez duen eran denok garen Ukrainaren aldekoak eta Errusia gure etsaia. Eta, nola ez, Amerikako Estatu Batuak, Ukrainatik 8.000 kilometrora dagoen herrialdea, gure laguna. Gauza asko jakin nahiko nituzke gatazka honen inguruan, baina galdetu arren, galdera horiek, zergatiak, kausak, erantzun gabe geratzen dira beti. Eta ez naiz ni bakarra. Ukrainara armak bidaltzea, horiek ez bidaltzea baino hobea denik uste omen du Europar Batasuneko biztanleen hein handi batek, dirudienez.
Derrigorrean, baina estatu baten agindupeko garen heinean, birtualki gerra batean sarturik gaude denok, ez dakiguna da trintxeraren beste aldean dagoenak zer irudi edukiko duen guregandik eta bere erantzuna, bereziki bere erantzuna, zein izango den. Hori ere ez dakit. Eta ez nuke jakin nahi.