Aktibismo linguistikoa

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Castiella 2022ko abe. 16a, 12:52

Euskararen ofizialtasuna eskatzeko hamaikagarren elkarretaratzea izan zen bart Iruñeko Sarasate pasealekuan. N-garrenez izanik ere, gogorarazi behar baita oraindik ere nafarron hizkuntza eskubideak urratzen direla; eremu ez euskaldunean bizi den nafar euskal hiztun batek ez dituela bere oinarrizko eskubide guztiak aitortuak hizkuntza propioaren erabilera mugatzen bazaio. Edo administraritzarako sarbidean merezimenduen aitorpenari dagokionez zer esan, euskara jakiteak zenbait kasutan kaltetu ere egin bazaitzake beste erdal hiztun batek dituen aukeren parean. 

Ez nuke erabateko ziurtasunarekin esango Euskara galzorian dagoen espezie bat denik, gaur egun bederen, baina bai eraso eta oztopo ugari egunero jasaten dituena. Eta neure buruari galdetzen diot ea gaur egun hain hedatuak dauden ekologismoaren, bioaniztasunaren defentsaren edo kontserbazionismo klimatikoaren baitan hizkuntza gutxitu baten defentsa ez ote litzatekeen ere sartuko. Kontzeptuak nahiko parekoak dira, bi aktibismoek bilatzen dute galzorian edo mehatxupean dagoen zerbait babestea. 

Eta ez diot aktibismo klimatikoari garrantziarik kendu nahi, baina esanen dut batzuek sutsuago defendatzen dituztela hego poloko pinguinoak bere auzoko euskal hiztunak baino.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!