Lehentasunak

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Castiella 2022ko aza. 4a, 10:02

Genozida bat desobiratzeak ez luke albiste izan behar. Ez luke albiste izan behar, historiaren iragaiteak ez bailuke inoiz onartu behar izan genozida batek ohorezko hilobia edukitzerik, baina tamalez hala izan denean, eta bere burua demokrazian edo antzeko zerbaitetan edo Giza Eskubideen defentsan identifikaturik ikusten hasi duen gizarte batek horri amaiera jartzea erabakitzen duenean, badago dioenik hori ez dagoela inoren lehentasunen artean.

Francorekin gertatu zen eta herenegun Queipo de Llanorekin gertatu berri da. Baina genozida baten desobiratzeak ez luke inongo eztabaidaren erdian egon behar. Ez luke eztabaidarik ere behar. Gizarte demokratikoki osasuntsu batek ahobateko iritzia eduki beharko luke horrelako kasuetan.

PPko buruzagi Núñez Feijóok, ETAren biktimak egunero ahotan darabiltzan alderdiaren presidenteak, bere lehentasunak agertu ditu ordea eta honakoa ez omen dago haien artean. Ez duela hildakoekin politikarik egingo. Baina noski egiten duela, berak eta bere alderdiak, eta egunero gainera. Gertatzen dena da berarentzako eta bere alderdiarentzako, beti ikusi izan dugun moduan, lehen, bigarren, hirugarren eta hamaikagarren mailako biktimak daudela.

Eta bere alderdia eta bera, kasualitatez, genoziden ondoan kokatu ohi dela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!