Goian bego Nafarroako Kutxa

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Castiella 2021ko mai. 21a, 12:39

100 urte bete dituen urte honetan zendu da Nafarroako Kutxa. Bere ibilbidearen azken pausoak Fundazio makuluarekin egin arren, bazirudien oraindik ere banketxe izaera pittin bat bazuela. Gainbehera hala ere aspaldi hasi zuen, 2008ko krisialdi ekonomikoak bultzatuta emandako pausoen norabidea oker aukeratu zuenean. Bera bezalako beste kutxa xumeekin elkartu eta hasi zuen zorigaiztoko abentura, Ikaroren antzera eguzkitik gertuegi hegan egin nahi eta berehala ohartuz aukeratutako hegoek ez zutela askotarako balio. 

Derrigorrean ikasi zuen arrain handiak arrain txikia jaten duela eta Banca Cívikako arratoi buru harro izatetik Caixabankeko lehoi buztan izatera pasa zen. Eta orain buztanetik behera darionaren mailan geratu da Bankiaren etorrerarekin.

Bizitzaren esparru guztietan funtsezkoa da norberak bere burua ezagutzea eta dagokion tokia zein den jakin eta aukeratzea. Kutxa xume herrikoia zuzentzen zutenek jakin beharko lukete bere mugak zeintzuk ziren, oinak lurrean mantendu eta egindakoa baino bestelako politika komertziala jardun. Emaitza perspektibaz ikusita agerikoa da barregarri geratu zirela, dirurik gabe apustuan dabilen arlote moduan.

100 urte bete dituenean hil zaigu edo hil digute. 90 urte osasuntsu eta 10 besterik ez ditu behar izan burua galdu eta ondoratzeko. Ia ahaztuta, inork jaramonik egin gabe. Goian bego.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!