Hara eta non, behingoagatik Espainiar Estatuak bere Gobernuaren ahotan eta borondatez aitortu du ez dela zuzenbidezko estatua. Borondatez, hau da, inongo Giza Eskubideren auzitegik edo antzekorik behartu gabe.
Onartu du Patxi Zamorak lan egiteko beharrezkoa zuen hegaldietarako baimen-txartela ukatzeko arrazoia bere militantzia politikoan zuela jatorria. Abertzaleoi askotan moztu dizkigute hegoak, metaforikoki, baina hegaldietarako baimen-txartelak ere ukatzeak marka berria jarri du.
Anormaltasun demokratiko hutsean kokatu daiteke bakarrik norbanako baten ideologia politikoak bere lan eskubideak mugatzen dituenean, Gobernu batek normaltasunez onartzea. Barkamenik gabe. Zerua urdina dela aitortzen den normaltasun berarekin. Agian Lukashenkoren Bielorrusian edo Arabiar Emirerrietan edo diktadura gobernu forma harro aitortzen duten tokietan, izan daiteke. Espainian ordea, batzuek guztiz sinesten ez dugun arren, demokrazia oso batean bizi garela errepikatzen digute.
Nik demokrazia oso anormalean bizi galera esango nuke. Hain anormala zein ustez demokrata diren alderdiek faxismoaren aldarrikapenak, pentsamendu bakarra eta diktadura garaiko jardunbideak zuritzen dituzten. Esandakoa, demokrazia osoa izateko, nahiko anormala.