Pasa den astean Hasél rap abeslariaren auziaren zurrunbiloari buruzko gogoeta bi.
Edozein eskubideren jardunak, adierazpen askatasunarenak ere, betebehar eta ardura batzuk eskatzen dituen heinean, muga batzuk ditu, eta horiek Legeak finkatu beharko ditu. Auzia hortaz, ez da Adierazpen Askatasunik badagoen edo ez, auzia Legeen zuzentasunean datza.
Hasélek muga ugari gurutzatu omen du eta bere adierazpen asko ez ditut defendatuko. Baina horietako batek, ‘Koroari irainak’ kontzeptuaren baitan dagoenak, Legeen zuzentasun eza irudikatzen du. Ni iraindu izan banindu eta nik hura salatu izan banu, arau orokorra aplikatuko zitzaigun, hari eta niri. Baina Erregea iraindu duenez, arau berezia aplikatzen zaio. Eta hor dago koxka; Koroari egiten zaizkion irainak larriagoak direla Kode Penalaren arabera, eta zigorrek ere beste neurri bat dutela. Ondorioz, Legeek niri baino babes bereziagoa ematen diete Errege Familiako pertsonei, eta Legeen bistan pertsona guztiek ez ditugu eskubide berberak; batzuek pribilegio maila bat dute.
Zilegizko kritikaren eta gorrotoaren, irainaren edo difamazioaren arteko marra gurutzatzeak bere arriskuak ditu bai, baina marra horrek toki berdinean egon beharko luke herritar guztientzako, bai eskubideei bai eta betekizunei dagokienez. Batzuek normaltasun demokratiko deritzoten horretan adibidez ezin da Erregearen ondare pribatuari buruz hitz egin ez duelako hori ezagutzera emateko derrigortasunik, nahiz eta goi aginteko politikari orok haien ondarearen aitorpena legez publiko egin behar duten. Ezberdina dena ez da normala, eta normaltasun demokratikoa monarkia honetan agian ez da hain normala.