Ludopatia korporatiboa

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Castiella 2020ko aza. 13a, 10:41

Zentzuzkoa deritzot gure eguneroko bizitzaz azkenaldian jabetu ziren apustu etxeen iragarki agresibo horiei amaiera jartzea, osasun publikoko kontua baita hori eta agerikoak  ludopatiak azkenaldian belaunaldi gazteenengan eragindako arazo sozial larriak. Baina neurri horietatik kanpo geratu dira Loteria Nazionala eta ONCE.

Eta nire galdera: Estatuak sustatzen duten jokoarekin zer alde dago? ONCEren beraren finantzaketa ereduarekin zer alde du? Ezberdinak al dira sustapen pribatuko jokoa eta Estatuak sustatzen duen joko publikoa? Ezberdinak al dira batzuen estrategia komertzialak eta besteenak?

Badira internetik zeharo kanpo dauden agureak haien pentsioa loteria kioskoetan barra-barra xahutuz. Eta horiek telebistan zein irratian noiznahi entzungo dituzte Establishment-aren apustu jokoen iragarkiak. Eta hor dago aldea; onuraduna Estatua dela, bai zuzenean edo ONCEk egiten duen obra sozialaren pribatizazioaren bitartez. Gazteengan eragin handia izan duen interes pribatuko apustu etxeei jarri zaie muga; interes publikoak sustatzen duen ludopatia korporatiboa ordea, bereziki adinekoek pairatzen duten hori, mantendu egin da.  

Honi buruz eztabaidan esan didate kiniela inuxente batek ez diola inori mendekotasunik eragiten. Eta ONCEren kupoi edo rasca y gana erostea ia-ia benefizentzia obra bat egitea dela. Zakurraren putza. Gure adinekoek porro batekin hasi eta heroinarekin amai zenezakeela esaten baziguten, asteroko kiniela, eguneroko itsuen kupoia, edo Gabonetako Loteria inuxente bat erosten hastea zeren hasiera ote da?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!