Berrogeialdi teoriko zorrotza egina dugu jada. Itxialdiaren berrogeigarren eguna igarota hausnarketa asko otutzen zaizkit, baina konfinamenduak emandako esperientziatik azpimarragarria iruditu zaidan gauzetako bat ingurumenaren berpizkundea izan da. Airea garbiagoa da. Ez dago kotxeen zaratarik. Hirietara basapiztiak inguratu dira kutsadura ezak erakarrita, eta inork ez du zalantzan jartzen naturarentzako kutsagarriena dena gizakia bera dela. Egunotan etxean gorderik gauden gizakiok alegia.
Egunotan kalera irten nahi dugun gizaki horiek berak gara berpizkunde honen arduradun. Horregatik etorkizunera begira zein kale mota nahi dugun ere pentsatu beharra dugu. Niri bederen gustatzen zait leihotik begiratu eta automobil eskas ikustea, txorien txioak entzutea eta zerua eta airea garbi nabaritzea.
Gustatzen zait pentsatzea automobilek ostu dizkiguten kaleak, enparantzak eta bideak geureganatu daitezkeela; oinezkoentzako, haurrentzako, agureentzako, txirrindulentzako.
Behin gure ingurunea kutsadurarik gabe ezagutu dugularik erronka polita izango litzateke horri eustea. Egoera honek dakarren drama sozial eta ekonomikoa bortitza izan arren, bertatik ezin dugu lezio bakar bat ere galdu, eta ekologiari dagokionez paradigma berri baten hasiera izan beharko luke honek.
Berrogei egun aski izan dira naturaren degradazioa apur bat lausotzeko. Ez dezagun ahaztu.